Hemen zaude:
hasiera >>sakramentu-erregistroak>> Sakramentu‑erregistroei buruzko informazio gehiago:
SAKRAMENTU-ERREGISTROEI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO
1. Hitzarmenaren izaera eta garrantzia
Kulturaren Euskal Planean biltzen diren proposamenen arteko garrantzitsuenetako bat da lan-esparruko jarduera-ildoak norabide organiko eta koherente bakarrean egituratzea, artxiboen eta dokumentu-ondarearen gaineko politikaz ari garela. Alde horretatik begiratuta, aparteko berritasunik ez badakar ere, lehentasunak ezartzen ditu. Hori dela eta, neurri batean dagoeneko abian diren hainbat proiektu bermatu eta sustatzen dituela esan dezakegu.
Jarduera-ardatz batzuek ezartzen dituenean, bi politika orokor lehenbailehen sustatu beharra adierazten du:
- Dokumentu- eta kultura-ondarea masiboki digitalizatzea eta hedatzea, adierarik zabalenean ulertuta.
- Herritar guztiek izatea kultur ondarea eskuratzeko aukera, ondarea edozein euskarri naturaletan dagoela ere.
Bistan denez, elkarrekin lotura duten helburuez ari gara, bereiz uler ez daitezkeenez. Bi horietan oinarritzen da artxiboen gaineko politika osoa: erabiltzaileari ondare eta artxiboetarako zuzeneko sarbidea eskaintzea, erabiltzailea baita politika publiko guztien eta esparru honetako politikaren azken xede.
Horretarako, 2000. urterako hasi ginen lanean EAEko hiru elizbarrutietako artxibo historikoekin batera. Horrek ez gaitu harritu behar, horiek direlako izaera eta garrantzi hau dituen proiektuaren giltzarri diren bi elementuak ondoen uztartzen dituzten artxibo-zerbitzuak:
Hau da,
- Herritar guztien mesederako den proiektua sustatzea. Horri begira, dokumentu-ondareak zeregin demokratizatzaile garrantzitsua du, herritar guztiek hartzen dutelako parte artxiboak sedimentatzeko prozesuan eta artxibo horiek, bide beretik, hezkuntza eta kulturarekin zerikusia duten helburuetarako edo helburu ludikorako erabiltzeko eskatzen dutelako gero eta gehiago.
- Kulturaren Euskal Planean barne hartutako Jaurlaritzaren estrategia eta xede premiazkoenak edo gizartean gehien eragingo dutenak areagotzeko baliabide gehigarriak esleitzea. Publikoak ez diren artxiboen programaren baitan (programa horren lorpenak adierazgarriak izan dira hamar urtetik hona), proiektu berezia aurkeztu da, gizartean oso eragin positiboa izango duena.
Proiektuaren helburua ezaguna dela uste badugu ere, aurkezpen labur bat egitea aberasgarria izango delakoan gaude.
2000/2001 aldian alderdi hauek lantzen hasi zen Kultura Saila, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko elizbarrutiekin hitzarmena sinatu zuela eta. Hitzarmenaren helburua zen elizbarrutiotako artxiboetan bilduta dauden parrokietako funtsetako sakramentu-liburuak indexatzea eta digitalizatzea, baita internet bidez hedatzea ere aipatu funtsetako deskribatzeko tresnak eta sakramentu-erregistroak. Hitzarmen horrek izan zuen jarraipenik 2002 eta 2003an.
2004-2008 aldirako sinatu den hitzarmenaren bidez, aldiz, hasitako proiektua sendotu eta burutu nahi da. Hitzarmenean bertan adierazten den moduan, honakoak dira berariazko helburuak:
- Bilbo, Donostia eta Gasteizko elizbarrutietako artxibo historikoetan zerbitzu digitalak sortzea.
- Dokumentuak deskribatzeko tresnak modu normalizatuan prestatzea (maila anitzeko deskribapena ISAD(G) bidez, adostutako irizpideen araberako indexazioa eta informatizazioa), artxibo-zerbitzu bakoitzaren webgunean eta Irargiren webguneko Badator bilatzailean hedatzeko.
- 1900. urtea baino lehenagoko dokumentazioa duten parrokietako funtsak deskribatzerakoan ISAD(G) araua aplikatzea. Sakramentu-serie horiek digitalizatu dira dagoeneko eta hitzarmen berri hau dela bide indexatu egingo dira, kasuan kasu beharrezko izango diren jarduerak egin ondoren.
- Digitalizatutako erregistroak indexatzea, irudiak berreskuratzea errazteko. Adostutako indexatzeko arauek bataioen, ezkontzen eta heriotzen erregistroetan soilik eragingo dute.
- Digitalizatutako irudiak artxibo bakoitza indexatzeko prozesuaren ondorioz lortutako sakramentu-erregistroekin lotzea. Digitalizatzeko proiektuari esker lortu diren irudiak artxibo bakoitzeko ikerketa-gelan kontsultatu ahal izango dira.
- Artxibo-zerbitzuetako softwarea, webguneak eta berariazko intranetak pixkanaka eguneratzea.
Sakramentu-erregistroetako indizeak artxiboen webguneetan eta Badator bilatzailean sartzen joango dira pixkanaka. Pertsonen idazpen deskribatzaileak hamahiru milioi eta erdi izango dira, gutxi gorabehera, 400 urteko historiako bataio, ezkontza eta heriotzei buruzko oharpenen indizeari esker. Erregistro zibila 1870ean sortu zela kontuan izanik, proiektu honen amaieran Euskal Autonomia Erkidegoko errolda historikoa osatuko da, XVI. mendetik XX. mendearen hasieraraino (1900. urtea hartu dugu mugatzat). Artxibo bakoitzaren webgunean eta guztiak Badator sistemaren webgunean (Irargi) sartzeak aukera emango digu:
- Euskal Herriko artxiboen erabiltzaile-multzo handienari (erabiltzaile guztien %90 inguru dira) errazteko dokumentaziorako sarbidea. Beren familiaren historia berreskuratzeko edo berreraikitzeko helburuarekin ikertzen ari diren adin, egoera eta mota guztietako herritarrei buruz ari gara.
- Kalitate handiko balio estatistiko eta historikoko informazioa eskuratzeko. Hori profesional askoren intereserako izango da, besteak beste, demografo, antropologo, soziologo eta historialarien intereseko.
- Diasporari ere zerbitzu emateko, talde hori oso garrantzitsua izan baita azkeneko urteetan Jaurlaritzaren jardunaren baitan. Mota honetako informazio asko eskatzen duen taldea da, eta dagoeneko Badator zerbitzuaren edo hiru elizbarrutietako artxibo-zerbitzuen bezero nagusi dira.
- Aipatutako Badator zerbitzua nabarmen aberasteko, eta leku berezia izateko Europan dauden artxibo-informaziorako zerbitzuen artean.
- Hiru elizbarrutietako artxiboek eskainitako zerbitzuen kalitatea hobetzeko. Horiek beren artxibo-politika guztiak definitu dituzte berriz, digitalizatzeko eta indexatzeko proiektua barne hartzeko beren ohiko zereginen artean. Lan hori diruz lagundu dute aurreko hitzarmenek eta orain sinatu den honek.
Euskal Administrazioaren eta artxibo hauen arteko lankidetza pribilegiatua ezarriz egoki jardun dela agerian uzten duten berariazko ezaugarriei erreparatzen badiegu, zazpi elementu identifikatu ahal izango ditugu, eta zazpi horiek konbinatuz gero, proiektu honek balio eta interes sozial benetan handia duela ikusi ahal izango dugu. Horrek justifikatuko du, epe ertain eta luzera, aurreikusitako inbertsio handia:
- Interes orokor egiaztatua, ez baita erabiltzaile elitistari edo gutxiengo bati bideratutakoa.
- Biztanleria osoa hartzen du: gizarteko eta taldeko bizitzaren isla da, ez elite berezi edo talde berezi batena.
- Informazioa berariazkoa eta originala da; bertako erreferentziak ez dira errepikatzen edo agertzen bestelako dokumentazioan.
- Denboran zehar irauten duen informazio-gaitasuna: izaera pastoraleko oinarrizko balioa duen dokumentazioa, mendeetan zeharreko historia eta sedimentazioa izan dituena.
- Lurralde-esparru zabalekoa: EAEko lurralde osoa hartzen duen dokumentazioa.
- Erraz eta arin erabiltzekoa; dokumentuak ez dira zailak, erraz eskuratzen dira eta arin irakurtzen.
- Azkenik, erabiltzailea partaide egiteko gai den dokumentazioa da; erabiltzaile 'unibertsala' ondarera hurbiltzen duten dokumentuak, ondarea kontserbatzeko interesa pizten diotenak.
Gainera, ezin dugu inola ere ahaztu oso inbertsio handia dela, eta horrek hainbat esparrutan izango duela eragin ona, Jaurlaritzaren artxibo-politikan nahiz gizarte, hezkuntza edo kulturarekin zerikusia duten alderdietan, izan ere:
- Interes unibertsala eta gizarte-eduki handia duen artxibo-funts honetarako sarbide unibertsala sustatu nahi da. Balio erantsi handiko zerbitzua eskaini nahi zaie herritarrei, eta gehienon interesekoa den dokumentazioa gehienok eskuratu ahal izatea ahalbidetuko du (internet bidez). Hau da, kopuru eta aniztasunaren aldetik zabala den erabiltzaile-multzoa izango du dokumentazioak.
- Ondare kulturalaren kontserbazioan eta hedapenean aitzindaria den jardun teknologikoa diseinatu da, eta garapen teknologiko iraunkorreko programa heldu bati esker soilik lor daiteke hori. Horrek Irargik nahiz elizbarrutietako artxiboek garatutako aurretiko politika berritzailea baieztatzen du.
- Sinergiak sortu nahi dira. Horretarako, nabarmen lagunduko da sektore honetako enpresen garapen ekonomikoa, eta kulturaren merkatua sustatuko da, bezeroen (artxiboen erabiltzaileen) esku jartzen direlako lanerako, informaziorako eta gizarte‑garapenerako garrantzizkoak diren tresnak.
- Artxiboen pertzepzioa aldatzea sustatuko da irmo. Guztion esku jarrita, herritarrei gonbitea egiten zaie zuzenean parte hartzeko dokumentuen eta ondarearen, hots, beren memoria kolektiboaren, kontserbazioan eta balioespenean, eta hori oinarri sendo izan daiteke hain garrantzitsua den herritarren gizarte- eta hezkuntza-kohesioa indarberritzeko.
- Diseinatutako proiektuari esker, epe ertainera proiektutik kanpo dauden baliabide ekonomikoak mugitu ahal izango dira, baita aurreikusi ezin diren gizarte- edo kultura‑itxaropenak dinamizatu edo inguruan dirudiena baino eragin gehiago izan dezakeen eragin teknologikoa sustatu ere. Esparru honetako inbertsioak nabarmen lagunduko du Euskadin informazioaren gizartea garatzen, inbertsioaren garrantzia ez baitago inbertsioaren kopuruan, dagokion funtzio-esparrura egokitzean baizik.
2. Inbertsioa, kopuruak eta epeak
Hitzarmen honen bidez, 2004 eta 2008 urteen arteko ekitaldietan (bi urteak barne) 3.000.000 €-ko dirulaguntza jasoko dute Bilboko, Donostiako eta Gasteizko elizbarrutiek, Digitalizazio Proiektua sendotzeko helburuarekin. Dagoeneko esan dugunez, proiektu honen helburua da elizbarrutietako artxibo historikoetan dauden parrokietako artxibo-funtsetako sakramentu-liburuetan ageri diren bataioen, ezkontzen eta heriotzen erregistroak, 1900. urtea baino lehenagokoak, indexatzea eta internet bidez hedatzea.
Artxibo bakoitzak aurkeztu dituen proiektuen arabera, 13.691.640 erregistro dira guztira. Horietatik 6.321.100 Bizkaiko Elizaren Histori Arkibuari dagozkio, 4.070.000 Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoari eta 3.300.540 Gasteizko Elizbarrutiaren Artxibo Historikoari.
Urte anitzekoa den dirulaguntza honen banaketa artxibo bakoitzerako aurreikusitako erregistro-kopuruaren araberakoa izango da: Bilbokoak % 46 jasoko du, Donostiakoak % 30 eta Gasteizkoak % 24.
3. Metodologia eta alderdi teknikoak
2001. urtean abiatu zen digitalizazio-proiektua Bilboko, Donostiako eta Gasteizko elizbarrutietako artxibo historikoetako zerbitzu digitalak sortzeko proiektu zabalagoaren baitakoa da, digitalizazioak hiru artxiboetako zerbitzu eta politika guztiak berriz definitzea ekarri baitu berekin. Proiektu hau gauzatzeko bidean hiru fase bereiz ditzakegu:
Lehenengo fasea: 2001. urtea. Proiektua definitzea
Hauek izan ziren fase honen helburuak:
- Proiektu orokorra definitzea eta hiru artxiboen artean koordinatzea, irizpide komunak adosteko, abiapuntuko egoera ezberdinak ahaztu gabe.
- Proiektua artxibo bakoitzaren plangintza orokorrean txertatzea.
- Baliabide teknikoak eskuratzea.
- Artxibo bakoitzean lan-taldeak sortzea eta lanak banatzea.
- Digitalizatzeko eta indexatzeko metodologia eta irizpideak ezartzea.
Bigarren fasea: 2002-2003. Proiektua txertatzea
Fase honetan honakoak izan ziren helburuak artxibo-zerbitzu bakoitzean:
- Irudiak digitalizatzea eta egiaztatzea.
- Parrokietako erregistroak indexatzea.
- Artxibo bakoitzeko webguneak eta berariazko kudeaketa-sistemak sortzea (Artxiboak Kudeatzeko Inet Sistema Bilbon eta Gasteizen —aurrerantzean AKIS— eta Kudeaketarako Sistema Elektronikoa Donostian-aurrerantzean KSE—).
- Artxibo bakoitzeko politika guztiak berriz definitzea: plangintza deskribatzailea, irudiak hedatzea, bertaratutako erabiltzaileak eta erabiltzaile birtualak kudeatzea, eta euskarri berrien kontserbazioa.
Hirugarren fasea: 2004-2008. Proiektua finkatzea
2003ko hitzarmena amaitu aurretik, premiazkotzat jo zen proiektu honen dimentsioak berriz aztertzea eta epe berriak eta baliabide ekonomiko berriak ahalbidetuko zituen beste
hitzarmen bat sinatzea, arrazoizko epe batean, bost urteko epean (2004-2008), proiektua burutu eta egonkortu ahal izateko.
Honakoak dira fase honetako helburu nagusiak:
- 1900. urtea baino lehenagoko bataioen, ezkontzen eta heriotzen erregistroak indexatzeko proiektua gauzatzea. Sakramentu-erregistroen datu-baseak sortzeak emango du aukera ezarritako sistemaren funtzionamendua egokia izateko eta proiektuaren emaitza erabiltzaile birtualen multzo zabalak ikusi ahal izateko.
- Digitalizatu diren funtsak eta indexatu diren erregistroak Internet sarearen bidez hedatzea, elizbarruti bakoitzeko artxiboak duen sarbide unibertsaleko webguneen mantentze-lanen eta eguneratzeen bidez. Artxibo bakoitzaren webgunean datuak sartu ahala, deskribatzeko tresnak IRARGIren, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren, webguneko BADATOR informazio-sisteman hartuko dira barne.
- Artxibo bakoitzaren berariazko webguneak eguneratzea, sakramentu-erregistroak indexatzearen bidez:
- Agiriak kudeatzeko AKIS eta KSE sistemak garatzea. Artxibo bakoitzaren kudeaketarako barne-garapenaz gain, sakramentu-katalogo eta -erregistroak kontsultatzea eta aipatutako erregistro horien kopia on-line eskatzea ahalbidetuko die artxibo bakoitzaren erabiltzaile birtualei eta bertaratutako erabiltzaileei.
- Hiru artxiboetan zerbitzu digitala martxan jartzea, digitalizatutako funtsak eta datu-baseak intranet bidez kontsultatu ahal izateko artxiboetako kontsulta-geletan bertan. Irudiak hitzarmen honen bidez egin diren indizeei lotuko zaizkie, eta artxibo bakoitzaren berariazko intranetean egongo dira eskura. Indexatzeko prozesuak aurrera egin ahala, artxibo bakoitzeko intraneta irudiei dagozkien sakramentu‑erregistroekin eguneratuko da.
Bere berariazkotasunaren kalterako izan gabe eta funtsen gaineko titulartasunari, kontrolari eta kudeaketari eutsiz, elizbarrutietako artxibo bakoitzak finkatu du lanerako zein plangintza izango duen eta zein epe beharko dituen 1900. urtea baino lehenagoko dokumentazioa duten parrokietako sakramentu-erregistroak (bataio, ezkontza eta heriotzak) indexatzeko eta artxiboetako funtsak hedatzeko. Artxibo bakoitzeko plangintza aurretiko deskribapen‑egoeraren arabera eta funts bakoitzeko kontsulten estatistikaren arabera egingo da, erabiltzaile birtualei eta bertaratutako erabiltzaileei kontsultak erraztea baita digitalizatzeko eta indexatzeko prozesuaren oinarrizko helburua.
Artxiboek beren webguneetan eskainitako on-line zerbitzuen bidez ere eska daitezke sakramentu-erregistroen erreprografiak. Azken helburua sakramentu-erregistroak hiru artxiboen ikerketa-geletan modu digitalean hedatzea den arren, indexatzeko prozesuak irauten duen bitartean, iragaite gisako aldi bat izango da, eta aldi horretan mikrofilmak nahiz irudi digitalak izango ditugu kontsulta-geletan. Alabaina, ezin dugu ahaztu zorionez gero eta gehiago diren erabiltzaileek teknologia berrietara egokitu beharko dutela (erabiltzaile horiek askotarikoak dira, adinari eta prestakuntzari dagokionez). Hiru elizbarrutietako artxiboetan zerbitzu digitala abian jartzeak hainbat jarduera eta aldaketa ekarri ditu berekin, eta horiek eragina izan dute eguneroko zereginetan. Hori dela eta, beren politika artxibistikoak berriz definitu behar izan dituzte, beren jardueren artean barne hartzeko sakramentu-erregistroen digitalizazioa eta indexazioa. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako proiektu hau abian jarri eta gauzatzea, bada, erronka handia da Bilbo, Donostia eta Gasteizko elizbarrutietako artxiboetarako. Horiek goitik behera aldatu behar izan dute beren antolaketa eta urrats kualitatibo handia egin behar izan dute artxiboen hedapen birtualaren erronkari erantzuteko.
Egoki litzateke berriz gogoratzea indexatzeko proiektua martxan dagoela, eta lan nekeza eta pixkanakakoa duela eskakizun. Lana 2005 eta 2008 urteen artean egingo da, eta urtero hiru milioi sakramentu-erregistro jarriko dira sarean, hamahiru milioi eta erdi ingurukoa den kopurua osatu arte.